domingo, 27 de enero de 2008
Afrikako etorkinen bidaia latzak
Niri asko harritzen nauena etorkinek gure herrietara heltzeko egiten dituzten bidaiak dira, hau da, bidai latzak eta gogorrak bizi baldintza hobeago baten bila. Baina nire galdera da: Nolakoa da Afrikako egoera? Oso kaxkarra izan behar da haien bizitza arriskuan ipintzeko, ahalegin horietan hiltzeko aukera baitute. Kriston beharrak egon behar dira zure iragana egun batetik bestera betirako ahazteko eta bizitza berri bat eraikitzeko, familiarekin edo kasu gehienetan bakarrik.
Horrexegatik, Afrikako egoerari buruz egon naiz apur bat ikertzen eta interesgarriak iruditu zaizkidan etorkin batzuen testigantzak topatu ditut, hau da, hainbat pertsonen bizipenak itsasoaren barrenean.
Hona hemen Ali eta Jaquim, asilo politikoa eskatu zuten etorkinen hitzak:
«Haizea zakar zebilen, eta olatu handiak. Zorionez, telefono bat genuen eskura»
Boli Kostakoak dira Ali eta Jaquim. Marokon ezagutu zuten elkar, txalupan sartu eta Fuerteventurara iritsi aurretik. Anaiak dirudite. «Bidaian, zer janik ez duzunean, ezinbestekoa da elkarri laguntzea. Norbaiten babesa behar duzu». Astebete eskas daramate Gurutze Gorriaren harrera zentroan, Puerto del Rosarion. Biek asilo politikoa eskatu dute.
Jaquimek 32 urte ditu. «Arrazoi politikoengatik utzi nuen Boli Kosta. Han guda garaitik, leku guztietan bortxakeria handia dago». Filosofia ikasi zuen, eta unibertsitate bizitzan esku hartze zuzena zuen, «ikasleen sindikatuan». Arazoak hasi ziren arte. «Egun batean kide bat hilik agertu zen. Polizia izan zen». Berak ere abisua jaso zuen: «Gertuko pertsona batek esan zidan nik ere berdin buka nezakeela...». Jaquimek Boli Kosta uztea erabaki zuen. Bide luzea egin zuen Afrikan: Ghana, Mali, Mauritania, eta, azkenik, Maroko.
«Ni nekazaria naiz, mendialdekoa», azaldu du Alik. Boli Kostako guda zibilaren ondorioak ere gertu-gertuan ikusi ditu berak. «Eraso egin zioten nire herriari eta ihes egin beharrean aurkitu nintzen. Ordutik deus ez dakit nire familiari buruz, komunikazio sare guztiak apurtuak izan ziren». Alaba eta emaztea utzi zituen Alik. Malitik egin zuen ihes. Aljeriara, eta, handik Marokora. Han ezagutu zuen Jaquim.
«Marokora heltzean lehendabizi Rabatera joan ginen, eta handik Agadirrera. Bidaiak gauez egiten genituen, ezkutuan. Inor ere ez genuen ikusten, ezer ere ez». Mafia bati enkargu egin zioten, txalupa batean sartu eta itsasoa zeharkatzeko. Asteak eman zituzten zain; «zenbaitetan jateko deus ez genuen izaten». Behin batean, egunsentian, abisu eman zieten: «Unea iritsi zela esan ziguten». Bidaia hasi zuten. «Bi egun egin genituen itsasoan. Ostiral batean abiatu ginen, goizeko lauretan, eta igandean erreskatatu gintuzten, goizeko hamarretan». 38 lagun ziren ontzian, gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdetakoak. Marokoko kostan bare aurkitu zuten itsasoa, itsaso zabalean sartu ahala, ordea, egoera gaiztotzen hasi zen. «Haizea zakar zebilen, eta olatu handiak. Zorionez telefono bat genuen eskura eta Gurutze Gorriari hots egin genion». Erreskatatu egin zituzten. Kostara heltzeko 34 kilometro geratzen zitzaizkien oraindik; «heriotza segurua zen hura».
Poliziak jatekoa eman zien, eta jantziak. 20 egun egin zituzten «errefuxiatuentzako gunean», Atzerritarrentzako Internamendu Zentroan. Orain Espainiako agintariek beren asilo eskaerak ontzat jotzea espero dute. «Lan egiteko» esperantza dute, eta atzean laga dituzten familiak laguntzekoa. Europa abegikorra nahi lukete bide horretan. «Hainbat immigrazio klase daude,zio politikoek eragindakoa, edo pobreziaren ondoriozkoa. Kasu guztietan, behin ja pertsona bat iritsi denean, harrera egin behar zaio. Gerra, pobrezia... Muturreko egoerak dira, eta gizaki bezala etorkizun bat merezi dugu».
Irakurritakoa harritu egin bazaizu,egin klik hemen eta beste bizipen pertsonalak irakurtzeko aukera izango duzu.
Horrelako hitzak entzuterakoan, zure ikuspuntua eta pentsatzeko modua aldatzen da nahi eta nahiez, eta erreflexiorako bidera garamatza.
Nire ustez, Afrikako arazo nagusienak hauek dira:
- Gehiegizko biztanleria
- Lehortea
- Buruzagi politiko serio eza
- Gehiegizko ustiapenaren ondorioz lehengaien agortzea
- Haurren heriotza tasa altua
- HIESa
- Nazioarteko laguntzen eraginkortasun urria...
Afrika ez da pobrea,baizik eta pobre egin dute han dituzten baliabideez aprobetxatuz.
Europara iristen diren etorkinak jaioterrien miseriatik ihes egiten dute beraien egoera gero eta larriagoa delako. Europa, Afrikako kontinenteak dituen baliabideetaz baliatzen da baina ez du hartu nahi sortzen dituen arazoen ardura.
Heziketarako, elikadurarako, osasunerako eskubideak...munduko ume guztientzakoak dira, ez bakarrik Iparraldeko umeentzat. Eskubide horiek ditugunok ez dutenen alde aldarrikatu behar ditugu. Solidarioak izatea beharrezkoa ikusten dut, eta solidarioa esaten dudanean ez da bakarrik soberan daukaguna ematea, baizik eta guretzat nahi dugun hori( gozokiak, arropa...) erosi beharrean, elkarbanatzea. Izan ere, Iparraldearen eta Hegoaldearen desberdintasunak gutxitu egingo dira gure bizimodua aldatzen badugu, hots, gure kontsumoa murriztuz; gero eta materialistagoak garelakoan nago.Beraz, Gobernuak ez ezik, gure eskuetan ere badago konponbidea.
Bada ordua gure bizimoduaz eta gure kontsumoaz ohartarazteko!!Beharrezkoa denarekin bizitzen ikasi behar dugu, kontsumismoa sahiestuz.
Haien herrietan ez dute bizimodu on bat, ez daukate guk eguneroko bizitzan aurre egiteko ditugun baliabideak;ez medikurik, ez dirurik, ez lanik, ...
Politikaren aldetik gabezi asko dituen herrialdea da, eta nire eskuetan egongo balitz herrialde honen etorkizuna, janari baliabideak, ospitaleak, etxeak...eraikiko nituzke bizi-iraupen hobea izateko. Ezin baitut ikusi baldintza horietan dagoen jendea; ez osasunik, ez higienerik, ez alfabetatzerik, ez janaririk, ez lanik...
EZ BIZITZARIK!!
Etiquetas:
Afrika,
bizipen pertsonalak,
etorkinen bidaiak,
solidaritatea
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario